top of page

GREEN PROIEKTUA

Helburuak

PROIEKTUAREN HELBURUAK

Pirinioetako mendikatea biodibertsitatearen erreserba handi bat da, bere ezaugarria izanik natur inguruneen eta espezie berezien dibertsitatea.

Ekosistema horien balio natural handiaren erakuslea da lurralde eta ekosistemok babestu, dinamizatu, balioa agerian jarri, lagundu eta kudeatzen dituzten erakundeen ugaritasuna: Parke Nazionalak, Parke Natural erregionalak, Parke Naturalak, Erreserba Natural Erregionalak, Biodibertsitatearen Erreserbak, Biotopoaren Babesa, Naturaguneen Kontserbatorioak, Erreserba Biologikoak, etab.

 

Antzeko natur inguruneak eta habitatak kontserbatzeko antzeko arazoak egoteak, antzeko espezieak egoteak, ingurumena babesteko egitasmo osagarriak egoteak, horrek guztiak eragin du aipatu naturaguneak lankidetzan aritzea, 2016ko ekainetik 2019ko maiatzera bitartean GREEN-Pirinioetako Naturaguneak Kudeatu eta Saretzeko proiektua martxan jartzeko (“Gestión y puesta en REd de los Espacios Naturales del Pirineo”).

GREEN proiektuaren asmoa da naturaguneen eta bere kudeatzaileen arteko koordinazioa indartzea:

  • Zehazki, Pirinioetako naturaguneen kudeatzaileak sarean jartzen lagunduz;

  • Naturagune bakoitzaren ezagutzak, kudeaketako praktikak eta erronkak partekatuz;

  • Lehengoratu, kontserbatu edo kudeatzeko ekintza zehatzak gauzatuz lehentasunezko hiru arlotan;

  • Gizartea, arduradunak eta tokiko eragileak informatuz Pirinioetako biodibertsitatearen erronka bereziei buruz.

Pirinioetan hainbat naturagune mota aurkitzen ditugu, horien gainean hainbat erakundek esku hartzen dutelarik, helburu komun batekin: Pirinioetako habitatak eta espezieak babestea. Erakunde horiek askotarikoak dira, eta euren araudi, baliabide eta kudeaketarako tresnak dituzte, baina denek partekatzen dituzte antzeko balio, arazo eta erronkak, zeinak askotan modu desberdin eta independentean tratatzen baitira.

GREEN proiektuaren bazkideek duela zenbait urte identifikatu zuten testuinguru hori eta, ondorioz, Pirinioetako sare bat eratzea deliberatu zuten, lankidetzan aritzeko eta esperientziak trukatzeko, Pirinioetako dibertsitatea kontserbatu eta kudeatzearen aldeko ahaleginak batzeko xedearekin.

Sarean jartzeko ekintzaren helburua da erakundeen arteko elkartrukeak erraztea, biodibertsitatea kudeatzeko sare bat sortuta.

EKINTZAK

SARE BAT OSATZEA

Ekintzak

BASO INGURUNEETAKO BIODIBERTSITATEA HOBETZEA

Pirinioetako azaleraren erdia baino gehiago estaltzen dutelarik (%59), basoa biodibertsitatearen erreserba garrantzitsua da.
Basoetako ekosistemak askotarikoak dira, eta animali eta landare espezieen dibertsitate handia eskaintzen du, baina baita ere onddoak, likenak edo mikroorganismoak (lurreko bakterioak…). Basoetan barrena bestelako ingurune mota batzuk ere tartekatzen dira (gune hezeak edo akuatikoak, harkaiztiak, hartxingadiak, landak…), eta horiek espezie berezien presentzia sustatzen dute eta, horrenbestez, mendikatearen dibertsitate globala areagotzen.

Basoek rol garrantzitsua jokatzen dute ingurumenari dagokionez, eta gizarteari zerbitzu ekosistemiko ugari eskaintzen dizkiote: Pirinioen garapen jasangarriari laguntzeko, bertako basoek modu jasangarrian erantzun behar diete erabiltzaileen multzoaren beharrei, izan behar horiek ekonomikoak, sozialak edo ingurumenekoak.  Horregatik, basoen kudeaketak basoaren alderdi multifuntzional guztiak integratu behar ditu, eta tokian-tokian epe luzerako interes orokorra bilatu behar du, eta funtzio desberdinen arteko orekarik onena.

Jarduera horrek lagundu egingo du mugaz gaindiko estrategiak azaleratzen, naturaguneetako baso inguruneen kudeaketan biodibertsitateari behar duen garrantzia emateko, eta irtenbide komunak bilatzeko.

Horregatik, Pirinioetako espazio naturaletan esku hartzen duten kudeatzaileen ahalmena indartu nahi dugu, basoetako biodibertsitatea hobetzeko. Alde batetik, mazizoaren eskalan basoetako praktikak ebaluatuz, eta, bestetik, ekintza pilotuak eginez lehentasunezko bi erronkari dagokienez, hau da, baso masen heldutasun biologikoari eta ungulatuen presioari dagokienez.

NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZARAKO INGURUNEEN BIODIBERTSITATEA HOBETZEA

Pirinioetako mendiguneko naturaguneek azalera “ireki” edo “erdi ireki” asko dituzte (larreak, belardiak, lahardiak…), baldintza urtarotar desberdinekin (altuera, malda, esposizioa, lur mota).

Nekazariek nekazaritzako eta abeltzaintzako gune horiek uzteak ekarri du poliki-poliki sastraka bihurtzea: larre alpetarrak eta iristen eta lantzen zailak ziren belardiak sastrakek eta basoak hartu dituzte progresiboki. Ingurune ireki horietako fauna eta flora espezifikoa gutxitu egin da eta, aldi berean, habitatak desegituratuta geratu dira, ondorioz biodibertsitatea murriztuta.
Gune irisgarriago edo emankorrago batzuetan, berriz, frekuentazioak gora egin du, eta horrek flora aldatzea edota habitatetan nahi ez diren inpaktuak (lurzorua konpaktatzea, higadura, etab.) agertzea ere ekarri dezake.  

Komeni da oreka horien bilakaera progresiboa kontrolatzea, Pirinioetako gune batzuetako biodibertsitatea poliki-poliki murriztea ikusi nahi ez badugu.

Horrez gain, abeltzaintzaren eta larratzearen alderdi sozioekonomikoak erronka gogorrak dira, izan ere, jarduera horiek mantentzea beharrezkoa da nekazaritzako eta abeltzaintzako sistemen biodibertsitatea kudeatzeko tresna nagusi diren heinean.

Horregatik guztiagatik, ekintza honen helburua da biodibertsitatea oro har erraztea, habitat irekien arteko mosaiko bat mantenduz.

Hori egiteko, bazkideek bilatzen dute sastraken eta altuerako belardi edo larreen artean orekari eustea, alderdi sozioekonomikoak eta ekologikoak aldi berean landuz.

Komeni da oreka horien bilakaera progresiboa kontrolatzea, Pirinioetako gune batzuetako biodibertsitatea poliki-poliki murriztea ikusi nahi ez badugu.

UR INGURUNEEN BIODIBERTSITATEA HOBETZEA

Hezeguneak eta ur inguruneak oso ekosistema bereziak dira, lurraren eta uraren arteko interfaze bat. Eginkizun eta erronka ugari dituzte.

Espezi ugarik (anfibioak, ur intsektuak, landare anfibioak edo ur landareak) osatutako biodibertistate aberatsa eta garrantzitsua dute bere baitan, zeina inguru horiek eskaintzen dizkieten baldintza berezi horietatik kanpo bizi ezin baita.  Biodibertsitate berezi hori ezezaguna da.

Mendialdeko laku eta urmaelak turismo eta aisialdi jarduera batzuek bereziki bilatu eta maiz erabiltzen dituzten inguruneak dira.   Sarritan txangoen jomuga izan ohi dira eta arrantzaleek bereziki maitatuak. Mendialdeko laku eta urmaelak, halaber, industri jardueren egoitza ere izan daitezke, hala nola, hidroelektrizitatearen industriarena. Urtegi eta dikeen inpaktua pairatzen dute, zuzenean zein zeharka. Jarduera horiek laku eta urmaeletan duten inpaktua oraindik ezaguna ez bada ere, azterketa batzuek jarduera horiek kaltegarriak direla erakusten dute gero eta gehiago.

Bukatzeko, hezeguneak oro har, eta mendialdeko laku eta urmaelak bereziki, aire zabaleko laborategiak dira, eta, lakuen sedimentuak eta ura aztertuz, gizarteen iragana aztertzeko eta etorkizuneko joerak ulertzeko aukera ematen digute.

Egungo fenomenoak zein aldaketak globalak, hala nola klima aldaketa, erregistratzeko eta aztertzeko laborategiak ere badira.

Horren arabera, ekintza honen helburuak dira:

  • Pirinioetako mendiguneko laku eta urmaelen gaineko ezagutza hobetzea.

  • Aldaketa globalak Pirinioetako mendiguneko laku eta urmaeletako biodibertsitatean duen inpaktua behatzeko sare bat osatzea.

  • Aparteko ondare bat zabaltzea eta baloratzea.

  • Zohikaztegiak eta zohikaztegien ondoko inguruneak zaintzea eta lehengoratzea.

POCTEFA

POCTEFA 2014-2020 Espainia-Frantzia-Andorra INTERREG V-A programaren akronimoa da. Lurraldeen arteko lankidetza programa europar bat da, eta hiru herrialdeen arteko mugako lurraldearen garapen iraunkorra sustatzeko sortu da.

POCTEFA 2014-2020 zonaldearen integrazio ekonomiko eta soziala indartzeko Europako Erkidegoak ematen duen babes finantzarioaren bosgarren belaunaldia da. POCTEFAk lurraldearen garapen adimentsua, iraunkorra eta integratzailea babesteko programan parte hartzen duten Pirinioez bi aldeetako eta itsasbazterreko zonaldeetako eragilek diseinatu eta kudeatutako mugaz gaindiko lankidetzarako proiektuak kofinantzatzen ditu.

POCTEFA

+ Informazio gehiago :

www.poctefa.eu

bottom of page